gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2016ko abenduak 8, osteguna
Anton Txekhov
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > ANTON TXEKHOV
ANTON TXEKHOVEN AURKEZPENA


Anton Pavlovitx Txekhov edo Malenkoniaren historia bat

Anton Pavlovitx Txekhov (1860-1904), hona hemen idazle bat, beste askok bezala gizaki batek lor dezakeen jakinduria eskuratzeko, eta giza izaeraren korapilo handienak eta konplexutasun kezkagarrienak aise bizi eta argitasunez transmititzeko urte asko hartu behar izan ez zuena. Literatura errusiarraren idazle handienetako bat da, eta dramaren maisu miresgarrietako bat; hasieran antzerki tradizionalak arbuiatu bazuen ere, azkenean bere obrarentzako tokia aurkitu zuen, urte askoan antzerki europarraren goreneko gailurra ere izan zen gailur errusiarrean, Moskuko Arte Antzokian alegia, Nemirovitx Dantxenkoren eta Konstantin Stanislavsky handiaren maisutzapean. Eta berriztaturik eta epe erromantikoko baldintza eta enfasiekiko zein beronen ondore neoerromantiko ugariekiko kritiko agertzen ari zen antzerki baten abangoardian kokatu zen.

Egiaz, XIX. mendeko autore handien artean ez dira gutxi berrogei urte pasatxo besterik hartu ez zutenak, eta horien guztien izanak, aparteko talentuaz gain, errealitate psikologiko eta kultural bat frogatzen du, erran nahi baita izakia bere bizitza osoan zehar izango dena bere izatearen lehenbiziko urteetan zehar gauzatzen dela. Batzuetan gehiegikeriaz aritzen gara ideia honen inguruan, esaten dugularik idazleek beti-beti bere bizitzaren hasieran idatzi zuten obra bera idazten dutela, eta bestelako guztia haurtzaro, nerabezaro eta lehen gaztaroko aurkikuntza haiei buruzko aldaketak direla. Ez da hain zorrotza kontua baina, era berean, bestelako iritzi bat duen korrontearen aurka, ez da hain harrigarria jakinduria zahartzaroa baino askoz lehenago agertzea. Izan ere Txekhov oso gazterik hil zen, dagoeneko, esan dezagun, den-dena bazekienean.

Eta zer zekien, bada, Txekhovek? Errusiar errealitatearen mamia ezagutzen zuen, eta azpian zer zegoen, eta horrek guztiak min ematen zion, eta sarritan utopiarekin egiten zuen amets, eta bere izpirituan lagundu egiten zien bizitza berri baten alde ari ziren edota horrelakoa profetizatzen zutenei; gaur bezala –edo oraindik-, mundu berri bat posible dela uste zutenei.

Txekhovengan oso-oso interesgarria da “anti-enfasiaren” teoriatzat teoriza genezakeena; sinpletasunaren apologia. “Nik ez dut ahotsa harrotzen zuek beldurtzeko”, esango zuen urte batzuk geroago Luis Felipe poeta espainiarrak. Txekhovek erabateko sinpletasunezko estiloa baliatzen zuen, halako moduan ezen, gaingiroki behatuz gero, zenbaitek pentsa baitzezakeen obra kostunbristak zirela, hutsalaren azalkerian kokatuak. Izan ere Txekhovek berak aparteko konturik ere ez zuen aipatzen bere obrei buruz, esaten zuelarik, adibidez, “landa-bizitzaren eszenak” zirela (“Osaba Vania”). Eta literaturaren zein antzerkiaren efektismoei uko egin zielarik, kritikarien begirunerik eza pairatu behar izan zuen, obra desegituratuak eta, egiaz, hutsalak zirela iristen baitzieten Txekhoven lanei. Ikusten ditugun eszenak ez daude bereziki “eraikita”, arinak baitira, eta bertan pertsonaia zerrenda aberats bat sartzen zaigu, guztien artean urte haietako bizimodu errusiarraren lekuko bikaina eskainiz eta, bide batez, 1905eko ahalegin iraultzailearen eta 1917ko iraultza boltxebikearen garaipenaren iragarpen suerte bat eginez.

Txekhoven malenkoniak, sarritan, itxaropenaren bisita hartzen du, eta bere izpirituan utopiarik liluragarrienen mezulariak biltzen dira, nahiz errusiar herriaren ezjakintasunaren itzala luzeegia den bere kontakizunetan. Gogoratu, beharbada, Nire bizitzaren historia eleberriko buru argiko pertsonaia batzuek ezjakintasun horren aurrean sentitzen duten etsipena. Bestenaz ere, basoen babes ekologikoa bezalako asmoak dagoeneko ia-ia programatuta daude Txekhoven pertsonaietako batzuetan, nahiz badirudien merezi duen inorako bidea ez dela hauen mundua garatzen den egoerak bizi izatea.

Segur naiz, literatura honi buruzko iritzia dela delarik –esan behar, hala ere, ez duela beste autore handi batzuen taxu edo handitasunik (Txekhov ez da Dostoievski ez Tolstoi; 6 zenbakiko gela ez da Krimena eta Zigorra , ezta Ana Karenina ere)-, Txekhoven egungo irakurleei erronka bat bota diezaiekegula: irakur dezatela, bere barne-muinetako bazterrik ezkutukoenean zirrararik sentitzeke. Ongi etorri, Txekhov doktorea. Pasa zaitez gure bihotzen barreneraino.

Txekhovengan “arruntaren edertasuna” aurkituko dugu, Azorinek zioen moduan, baina baita errusiar herria herri denetik zapaldu duten kateetatik askatzeko gizakiaren handitasun ametsak ere. Idazleak, bere pertsonaien bidez, errealitate errusiarrari buruzko iritzi zorrotzak eskaintzen dizkigu. “Hau dendari hiri bat da –dio bere pertsonaietako batek Nire bizitzaren historia eleberrian, klase gabetze baten kontakizuna baita berau-, ostalari, idazle kaskar, koldar eta jainkozale hiri bat; eta desager liteke (...) galera horrengatik inork malkorik isuri gabe”. Baina pertsonaia honek –klase gabetuak- bere bihotza zabaltzen dio langile eta nekazariekiko enpatiari, eta min ematen dio, halaber, ikusteak gizartearen goiko mailetan zein zorrozki epaitzen dituzten, goiko maila hauek berauek izanik, gainera, bene-benetan gaiztoturik daudenak.

Txekhovenak, batzuetan, ezerezaren kontakizun gogoangarriak dira; edota hutsaltasun transzendentalarenak, horrelakorik esaterik balego. Horrelaxe eskuratu baitzuen Txekhoven literaturak, egiaz kostunbrismotzat har zitekeen guztia aienatzen den erlazio metafisikoa.

Nik neuk, obra zehatz baten aipamena egin behar izanez gero, ez nituzke toki guztietan aipatzen diren lan handiak ahaztuko –ez dramatikoak ez narrazioak berak-, baina 6 zenbakiko gela kontakizun zeharo aparteko hori irakurtzeko gomendioa egingo nioke jende orori. Kontuz ibil zaitezte geletan zehar. Errukiz begira iezaiozue ikusteko parada izango duzuenari. Eta jabe zaitezte, ai enetxo, gauzak askorik ez direla aldatu giza bizitzan. Baina ez ate atzean utzi mezuak, esaterako Gromov-ek, jazarpen-eldarnio baten kalteak pairatzen dituelarik, zoroetxeko zuzendari den eta berehala zoroen artean egongo denari esaten diona: “Baina ziur egon zaitezke garai hobeak iritsiko direla. Beharbada zuk barregarri iritziko diezu nire hitzoi, baina entzun ezazu esaten ari natzaizuna: egunsenti hobe batek lurra argituko du, egia garaile izango da, eta apalek eta jazarriek merezi duten zoriontasuna gozatuko dute. Beharbada ordurako ez naiz ni izango, berdin da ordea. Poztu egiten naiz etorkizuneko belaunaldien zoriona gogoan dudala, eta bihotz-bihotzez agurtzen ditut. Aurrera! Jainkoak lagun zaitzatela! ene adiskideok, urruneko etorkizuneko adiskide ezezagunok!”

Kontakizunak, aldiz, atsekaberik latzenera eramaten gaitu. Doktorearen humanismo berriak –lehenago Gromov-ekin sekula izan gabeko harremanetatik lortuak- zoroetxeko toki baterako gai bihurtzen du. Eta bertan sartuko dute azkenean. Bizitza hauetan ez dago inolako argirik, eta guzti-guztia miseria eta malenkonia da.

Baina gure Txekhovek ez ditu inoiz ahazten, ilunpean dela, argiaren keinuak eta giza alaitasunaren berezko birtualtasunak. Horregatik, bere obren irakurketak gure esperientziarik onenen eta gure itxaropen desiratuenen zati izan behar du.

Alfonso Sastre

Igo

Licencia Creative Commons. Pulse aqu para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la pgina de Gipuzkoa.net